26 26
- ILUNE -
ILune Aldizkariak, liburuak, egunkariak, komikiak... inoiz baino denbora eta espazio gehiago hartzen ari dira gure artean, kulturaren “garrantziaz” hainbeste hitz egiten eta entzuten ari garen une honetan. Baina zer dago atzekaldean?, zer izkutuan?, “normaltasunera” bueltatzea omen da jendearen egun hauetako helburua, obsesioa. Baina normaltasunean...zer leku hartzen du kulturak? entretenimendua, 3. edo 4. mailako edukiak?, berdin telebistan, irratian, aldizkaria....?, dohainik, eskuragarri...egon behar omen du, edonork igotzen du bideo tutorialen bat jarduera bat (komiki bat nola egin, nola marraztu, nola idatzi poema liburu edo haurrentzako ipuin bat), nola egiten den azaltzeko, baina benetan uste duzue bideo bat edo batzuk ikusita ikasi dezakegula?, edonork erakutsita?, eta ez naiz ari profesionala izan behar dutenik, edo dominaduna, horri buruz buelta pare bat emateaz ari naiz. Are gehiago, Netflix bezalako plataformak ordaintzeari ez diogu baldintzarik jartzen, baina, kanta bat entzuteko edo liburua irakurtzeko kuota bat ere ordaindu behar izango bagenu, zer? berdin berdin kontsumituko genuke?, zeri jartzen diogu mugak?(...) (...) holako hausnarketak egin gabe eta gure eguneroko ekintzak birplanteatu eta aldatu gabe nire ustez ez dugu aurrerapausorik emanen kultura egiten eta eragiten dugunon duintasuna,
lan profesionala eta eskubideak bermatzeko. Normaltasun horren barne barnean, muinean, sustraietan, ikusezina den kultur eduki batzuen gutxiespena, maltzurkeria, prekarietatea... horietan dagoelako benetazko birusa, kaltea, pozoia. Beste guztia ezjakintasunez, azalakeriaz (“kultura maite dugu”, “kultura gara”, bezalako leloak) eta ustelkeriaz kutsatzen duena. Erradikalki ekitera animatuko nizueke, bestela ez dagoelako eraldatzeko modurik. “eraikitzeko suntsitzen” esaten zuen “sentimenak jarraituz” diskako kanta batek.... Erradikala hitzak sustraiera joatea esan nahi du. Bertan dago giltza. Bestela ez dago ezer aldatzerik. Pentsatzen jarriz gero, argi dago kulturak ere modu ezberdinetan elikatzen gaituela, gure bizitzetan, eta bizitzako etapa ezberdinetan leku handia hartzen duela. Krisiak, aldaketarako une aproposak omen dira. Hausnarketa bai, baina ekintza ere bai. Gainera hemen, beste leku askotan baino errazago daukagula uste dut. Zer dago aldizkari, liburu, antzerki lan.... baten prozesuaren barruan?, zenbat pertsona lanean edo elkarlanean?, Zenbat denbora behar da aldizkari bat edukiz osatzeko, maketatzeko, osatzeko eta argitara ateratzeko? Inoiz jarri gara horretan pentsatzen? Une hau ikusezina den guztian pentsatzeko eta eragiteko aproposa da!
Josune Ilundain Iribarren