BIZI LARRABETZU. UDAL ALDIZKARIA. UDABERRIA 2021

Page 12

12 2021eko udaberria BIZI LARRABETZU

EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO PLANA Martxoaren 10ean Larrabetzuko Udaleko Osoko Bilkurak 2021. urterako Euskararen Erabilera Sustatzeko Plana onartu zuen. Ekintza Plana urtero egiten da, 2018tik 2022ra bitarteko plangintzaldi estrategikoaren baitan, eta elkarlanean adosten dute Larrabetzuko Udalak, Darabilgu euskara elkarteak eta Larrabetzu kide den UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea). Plana diseinatzeko orduan aintzat hartu dira, ohi bezala, UEMAren hiru ildo estrategikoak (udalerriaren erabateko euskalduntzea, herritarren aktibazioa eta udalerri euskaldunen zaintza) eta ESEPek (Euskara Sustatzeko Ekintza Plana) proposatzen dituen lan esparruak. Hori horrela, honako hauek dira, labur-labur adierazita, 2021ean Larrabetzun landuko diren esparru eta helburuak: • Udalaren euskalduntzea • Familia transmisioa • Euskalduntze-alfabetatzea • Arlo sozioekonomikoa • Aisia, kirola eta kultura • Irakaskuntza • Beste administrazioak • Sentsibilizazioa eta ahalduntzea • Udalerriaren zaintza (ELE, azterketak...) • Euskara sustatzeko dirulaguntzak

HAUTETSIENTZAKO SAIOA Udalaren euskalduntzearen baitan hil honen 17an Larrabetzuko hautetsientzako saioa egin zen, Txorierriko Mankomunutateko euskara trebatzailearen eta UEMAko teknikariaren eskutik. Saio edo ikastaro hauek hautetsiak ahalduntzea eta sentsibilizatzea dute helburu, eta hautetsei ez ezik udal-langileei ere ematen zaie.

LARRABETZUKO UDALAREN GUTUNA JAURLARITZARI: HARREMANA EUSKARA HUTSEZ BERRESTEKO/ ESKATZEKO ESKAERA Larrabetzuko Udalak harremanak euskara hutsez izan gura dituela-eta gutuna bidali zion Eusko Jaurlaritzari. Gutunean, arlo horretan Jaurlaritzak eman dituen aurrerapausoak aitortzearekin eta balioestearekin batera, honako hau adierazten zaio: Eusko Jaurlaritzarekin ahozko eta idatzizko harremanak euskara hutsez bideratzeko eskaera egiten zaio, eta, horrenbestez, dagozkion neurriak hartzeko eskatzen zaio. Izan ere, Udaleko Euskara Normalizatzeko Planean jasotakoaren arabera bermatu egin behar da: 1. Herritarrekiko harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izatea, betiere herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz. 2. Euskara beste administrazioekiko harremanetako hizkuntza izatea. 3. Euskara administrazio barneko lan-hizkuntza izatea.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.