2021eko uda BIZI LARRABETZU 5
BIDE INBENTARIOA
LARRABETZUKO UDALERRIKO BIDE PUBLIKOEN INBENTARIOA MARTXAN 2020. urtean martxan jarri zen. Kontratu honen xedea da Larrabetzuko udalerriko bide publikoen inbentarioa eguneratzea, egitea, idaztea, berrantolatzea eta digitalizatzea. Inbentarioa toki erakundeen ondasunen inbentarioen arautegiak agintzen duenera moldatu behar da, 1372/1986 Errege Dekretuak onetsitako Toki Erakundeen Ondasunen Araudiagaz bat etorriz.
Ekainean egindako plenoan bide publikoen behin-behineko inbentarioa onartu da. Hemendik aurrera, onartutako inbentarioari buruzko alegazioak egin ahal izango dira hiru hilabetez. Ondoren, alegazioei erantzungo zaie, eta, gero, behin betiko onarpena egingo da.
UTXABASO PROIEKTUA: GYM BERDEA, UDALA eta AUZOLANA Berresonaga eta Sasine artean dagoen baso txiki bati buruz berba egin gura dizuegu. Lezamako bidea gure eskuinean utzi eta Viveros Pericaren albotik pasatzen den gurpidetik sar gaitezke basora. Egurrezko zubitxo batetik ere irits gaitezke Sasine industrialdetik, edo Bersoatik Txorierriko korridorearen sarrerara doan bide batetik. Gero eta jende gehiago ibiltzen da espazio horretan, eta, beraz, ez da arraroa dagoeneko ezagutzea, eta batek baino gehiagok galdetu izana, honezkero, han zertan ari garen. UTXABASO PROIEKTUA: Proiektu horren helburuak biodibertsitatea berreskuratzea eta basoan egoteko aukera ematea dira, hainbat esku-hartze garatuz. Paseatzera, korrika egitera, jolastera, jatera, irakurtzera, hausnartzera etortzeko baso bat lortzea da kontua, eta hori guztia etxetik oinez joateko moduan, horretarako ibilgailurik hartu behar izan barik. Proiektu hori bultzatzeko, 2020ko irailean, Udalak laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari. Jaso genuen dirulaguntza, eta garbiketa selektiboak eta bideak egin dira; hesiak kendu dira, eta ia baso berritutako eremu osoa landatu da. Duela aste batzuk, hainbat jendek gure deiari erantzun, eta, auzolanean zoruaren gainazala harriz
garbitzen lagundu ziguten. Egunotan, Utxabasoko soilgune batean txondorra (ikaztegia) eraikitzeko lanak hasi dira. Horren bitartez, hain zuzen ere, erakutsi ahal izango dugu Euskal Herriko historian denbora luzez ekonomiaren eta landa paisaiaren funtsezko elementua izan zen txondorraren prozesua. Hala ere, gure prozesua gelditu egin da, aldi baterako, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi baitigu lurzorua kutsatuta egon daitekeela. Hori dela eta, proiektuan planteatutakoa egin daitekeela ziurtatzeko egin beharreko lanak egiten ari gara gaur egun. Udalak 12.000 €-ko proiektua jarri du abian, gune horretako deskontaminazioa ziurtatzeko. Era berean, egitasmo hori egiteko diru-laguntza berezia eskatuko da. Deskontaminazio-ziurtagiria udagoienerako amaituta egotea espero dugu, eta, hortaz, UTXABASO proiektuarekin segitzea.