Artea eta natura nagusi Azkuna Zentroaren uda honetako programazioan Erakusketak, instalazioak, musika, zinema, topaketak, tailerrak... Hiruhileko honetan, Azkuna Zentroaren programazioa artistek zentroan garatzen dituzten sormen- eta ikerketa-prozesuetatik abiatuta osatzen da. Prozesu horiek hainbat diziplina artistikorekin dute lotura, hala nola biologiarekin, lorezaintzarekin, esperimentuarekin, ekologiarekin edo kolorearekin. Erakusketa nagusiaren protagonista Ana Laura Aláez da, gaur egungo artistarik nabarmenenetako bat. Bea Espejok komisariatutako “Todos los conciertos, todas las noches, todo vacío” artista jaio zen hirian aurkezten den tamaina honetako lehen erakusketa monografikoa da, eta bertan erakusten dira bere azken lanetako batzuk, hasierako beste batzuekin elkarrizketan. Euskal Herriko 80ko hamarkadako testuinguruan prestakuntza jaso ondoren,
Ana Laura Aláezek irudikapenaren kritika bat garatu du, bere klase-kondizio, genero eta lekuagatik ezarritako estereotipo zurrunak auzitan jartzen dituena — eguneroko elementuak eta elementu eskultorikoak konbinatzen dituen ekoizpen baten bidez—. Prototipoak. Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienala ekaineko lehen astean egin zen, eta irailera arte luzatuko da, zentroko hainbat espaziotan aktibo dauden proiektuen bidez. Atarian, Elssie Ansareo artistak narrazio-eraikuntza bihurtzen ditu Lantegiko leihoak, biniloan inprimatutako eta leihoetan itsatsitako koloretako 21 argazkiren bidez, esku, aho eta keinuetan zifratutako gorputz-zatiak erakutsiz eta bideo batekin lagunduta. “BIO-INT-DÍA” proposamen sentsorial eta hunkigarria da, lehen begi-kolpekoa, kolorez eta fantasiaz betea. Terrazan, “Baso bidaiariak / Bosques viajeros” dago oraindik, espazio publikorako zuhaitz-lerrokadurako prototipoa, José Ramón Ais artistak espazio horretarako proiektatua. Espazioa zeharkatzen duen erabilera publikoko lorategi gisa planteatutako lan honek Euskadiko zuhaitzen historia du ardatz, batzuk baso autoktonoetatik baitatoz eta beste batzuk inportatuak baitira. Instalazioak dei egiten dio bidaiaren iruditeriari, itsasontziak eraikitzeko lehengai gisa hasitako horri, eta gaur egun beste toki batzuetatik ekarritako barietateak dituzten basoenari.
8