PUERTO DE BILBAO, BERRESKURATUTAKO FILM LABURRA Bilboko Udalak auzia izan zuen 1924 hondarrean Portuko Obren Juntarekin, eta kezkatuta izan zituen herritarrak, hain maitea zuten Bilboko Areatza nola berregituratuko zen ari zirelako eztabaidatzen. Sustapen Batzordeak eremu hartako lur sail bat uztea nahi zuen, pasealeku hura berritzeko hasi zituzten lanetan kaia ere handitzeko. Ibaiertzeko lur zerrenda zen, gaur egun lur azpiko aparkalekua dagoen eremuaren gainekoa. Bi aldeek elkarri emandako konpentsazioek ahalbideratu zuten akordioa, besteak beste, Areatzan ikatza deskargatzeko lanak bertan behera uztekoa. Tira-bira hartan udalak gehiago irabazi zuen. Zinema baliatu zuen Portuko Obren Juntak Bilbon herritarren estimazioa atzera irabazteko. Producciones Azcona etxearen buru zen Mauro Azkonak beti adierazi izan zuen portuko agintaritzak eskatu ziola 1924ko azaroaren 24an Kantauri kostaldean harrotu zen urakan itxurako ekaitz ikaragarriak utzitako ondorioak errodatzea, zeinek kaian ez ezik, hiri erdian ere kalteak eragin zituen, leihoak hautsita, argindar sarean, eta abar. Iruditzen zait, enkargatu ez baina erosi egingo zietela beren kabuz filmatu zuten materiala, gaur egun non dagoen inork ez dakiena. Handik hurrengo urtean atera zen Puerto de Bilbao egilea oso argi ez duen film laburra da, nahiz eta Espainiako eta Euskadiko filmategiak Pedro González Blanco eta Joaquín Soler-ena delakoan dauden. Krediturik ez dauka filmak, izenburua eta azalpen kartelak besterik ez, pentsatzekoa denez, film mutua baita. Kamerarekin egindako lana bikaina da, eta Bilboko eta Abrara arteko erriberaren ikuspegi zoragarriak erakusten dizkigu. Artxandako gainetik hartutako irudi panoramikoak zirrara eragin dit: Deustuko ibarrean hasita, Areatza bitartekoa erakusten digu; tar-
138
tean San Mamesko ibarra nolakoa zen ikus dezakegu, baso itxurako zuhaiztia zuena, deskribatzen zaila. Beste adibide bat Olabeagako gainetik hartutako irudiak dira, Deustuko erribera zehazki erakusten dutenak, gaur egun gainpopulatua dagoen eremu hari izen ona eman zioten baratzeen eta soroen ikuspegi idilikoa atzean dutela. Dokumental honen garrantzi historikoa are eta handiagoa da ibaiko kaiak eta haien inguruko guztia nola eraiki zen erakusten duten irudiak dituelako: Arriaga Antzokiaren ingurunea, eta han, gabarrak kargatu eta deskargatzeko –lanean bete-betean ikusten direnak– oholtza klasikoak; ur gaineko garabiak, Ripan eraiki zuten kaia probatzeko 70 tonako harritzarrak mugitzen ari direla; zamaontzientzako lanetarako Aduana aldeko ibaiertzaren atontzea, gaur Pio Baroja plaza deneko tokian; Axpe eta Sestaoko nasak, Sporting Cluba, Zorrotzako biltegia, olatu-horma, Bizkaiko Zubia... Puerto de Bilbaok, bukaeran, Secundino Zuazo Ugalde arkitektoak 1922an diseinatu zuen Bilboko kaleen berrikuntzarako egitasmoaren Reforma Viaria Parcial del Interior de Bilbao marrazkietako batzuk ere erakusten ditu. Azken planoan ikus daiteke nola orain ia mende bat Ingelesen Zelaian futbol estadio handi bat eraikitzeko asmoa izan zuten. Omen egin nahi zion Zuazok, hala, kirol jaioberri hari, guk lehenengoz gaur Abandoibarra den eremuan ikusi genuena, Deustuko Unibertsitatearen aurrean. Estadio hartarako sarbideetako bat, gainera, zubi eseki bat zen. Egitasmo hutsean geratu zen hura guztia. Gauzatu ez den etorkizuneko Bilbo baterako amets baten gisakoa izan zen; nolanahi, Fellinik El jeque blancon zioen bezala, “ametsetakoa da benetako bizitza”. Alberto López Echevarrieta
ZINEBI59