ZINEBI 59 (2017)

Page 142

BILBAO SINFONIA

1987an, Juan Ortuoste eta Javier Rebollo zinemagile bilbotarrek hiriari buruzko film labur dokumentalen triptikoa egin zuten, Santos Zunzunegui eta Álvaro Gurrearen gidoiarekin: Bilbao en la memoria, Bilbao como un mosaico eta Bilbao, mientras tanto. Joan den mendeko 20 eta 30eko hamarkadetan Cavalcanti, Ruttman, Vigo, Vertov eta Ivens zinegileek, esaterako, beste hiri batzuei buruz -Paris, Berlin eta Niza, esaterako- egin zuten moduan egin zuten hauek ere. Bilboko irudiak, bertako eraikinak, itsasadarra, zubiak, trenak, kaleak, automobilak, mugimendua, jendea, lana eta hiri espazioak. Horiek guziek, sinfonia haietan bezala, zentzua hartzen dute, muntaiari esker, asoziazioak, kontrasteak eta kontrajartzeak eginez, Bilbo hiriaren gogortasuna erakusteko, hiriko bizitzaren izaera mekanikoa, errepikakorra eta makina kutsukoa agerian jarriz. Baina Bilbon nabarmentzen hasiak ziren zegoeneko industriaren beherakadaren ondorioak, bai eta bertako fisonomia eta hiri gisa zuen izaera harilkatzen joan zen ekonomia eta gizarte garapen ereduaren amaiera ere. Eta krisia eta beherakada argi eta garbi iragazten ziren dokumentaletako irudien bitartez, eta hiriaren eta beronen etorkizunaren kutsu ilun eta ezkorra sortzen zuten. Gaur, hogeita hamar urte geroago, Bilbo asko aldatu da. Egun, ez da hiri industrial bat. Itsasadarrean bizirik diraute forja eta ontziolaren batek, baina dagoeneko ez dira ekonomiaren oinarri, eta ez daude hiriaren erdigunean ikusgai. Ibaizabaleko urak jada ez datoz zikin eta ilun, eta hiriko eraikinetako fatxadak ez dira belztuak ikusten. Bilbo, zerbitzuetara eta turismora bideratutako hiria da orain, eta horiek dira garapen eragile nagusiak, Guggenheim Museoaren eskutik eta hiriaren irudi berria eratzen duen arkitektura berriztatu eta ikusgarriari esker. Botere sinboliko berriak lekua hartu dio industriari zerion botere ekonomiko eta finantzazkoari, eta hiriko bizitza ez da jada fabriken eta langileen joan-etorriaren erritmo mekanikoaren arabera mugitzen. Bilbok erritmo berriak ditu orain, kolore eta soinu berriak, eta horien pean, ez gaitezen engaina, desberdintasun eta prekarietate berriak daude murgilduta. ZINEBIn, eta Jaialdiaren 59. edizio honetarako, galdera bat planteatzen diogu geure buruari: Zein izango litzateke egungo Bilboko ikus-entzunezko sinfonia bat? Izango al luke zentzurik orain hogeita hamar urteko edo duela ia mende erdiko parametroen pean hiriaren hurbilketa zinematografikoa egiteak? Eta ziur aski ezetz erantzun

142

genuen. Baina, hala ere, obra haiek egungo irudi, soinu eta hitzen ikuspegitik birbisitatzeko ahalegina egingo dugu. Izaera performatiboa duen ekoizpen baterantz jotzen dugu honela, eta honen eszenaratzean, 87an filmatutako irudiekin batera, gaur egun errodatutakoak bateratuko dira, eta horien gainean, alde batetik sinfonia bat interpretatuko dute zuzenean Aranzazu Calleja musikagile eta biolin-joleak eta Álvaro Segovia gitarra-joleak eta, bestetik, testu batzuk irakurriko ditu Katixa Agirre idazle eta irakasleak. Euskal Herrian hasten ari diren gazte artistei ematen dien laguntza irmoa erakutsi nahi du beste behin ere ZINEBIk ekoizpen honen bidez. Halaber, hiri modernoa den eta munduari irekia dagoen egungo Bilboren gaineko hausnarketa egitera gonbidatu nahi du gure hiriko publikoa; memoriarentzako tokia egiten dakien hiria, gure orainari eta gure etorkizunari itxura eman dioten iraganeko gertakizunak gogoratzeko espazioa sortu duena, norbanakoen gertaera txikiekin eta gertakizun kolektibo handiekin eraiki den memoria, oroitzapenen memoria, hitzen gainean eraikitako hitzak. Bilbao Sinfonían nabarmena da Hiribilduaren beraren mugimendua filmatzeko askatasuna, zeinek agerian uzten baititu errealitateak eta gizarteak egunero eskaintzen dituzten alterazioak. Erregistro dokumentala eta esperimentazioa fusionatu egiten dira eraldaketa ideia honetan eta, azken batean, zineak eta arteak pentsamendu kritikoa eta politikoa zabaldu dezaketen hausnartzeko bide ematen du. ZINEBIk, beraz, arreta handiz jarraitzen du gizarte ingurune diskurtsibo, estetiko eta teknologiko jakin batean inguruan mugitzen den ikus-entzunezko lana, zine garaikidearen jiteak bereizteko bidea ematen diguten obra bereziak. Bilbao Sinfoniak duela hainbat edizio ekindako lanaren ildoa jarraitzen du, hau da, zinemaldian lekua egiten zaie ikus-entzunezko proiektu eta formatu berrien bitartez erronka berriei aurre egin eta esperimentatzen hasi diren artista gazteei. Tinko egiten dugu programazio lerro honen aldeko apustua, eta jarraitu egiten dugu halako proposamenak landu eta ikusgarri egiten laguntzen duen markoari eusten, eta hori guztia ZINEBIko lan-talde osoaren apustua, lana eta konplizitateari esker lortzen da. Vanesa Fernández Guerra Patxi Azpillaga Territorios y Fronteras-Research on Documentary Filmmaking

ZINEBI59


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.