NIKARAGUAKO AMETSA
1979ko uztailean, Espainiako Konstituzioa onartu eta hilabete batzuetara, Nikaraguan beste diktadore bat boteretik kendu zutelako albistea iritsi zitzaigun. Orduan, oraindik iraultza suharra itzali gabe zegoen, bereziki Espainiako trantsizioak zekarrena baino gehiago suposatu beharko lukeela pentsatzen genuenon artean; eta, halako batean, Nikaragua agertu zitzaigun begien aurrean, kontzesiorik gabeko trantsizioa burutzeko gai izango zen herrialdea. Milaka gazte solidario, artista eta abentura zale -horietako asko espainiarrak eta euskaldunak zenbait- Managuara iritsi ziren iraultzaren jarduera frenetikoaren parte izateko asmoz. Ia berrogei urte beranduago, beharrezkoa zaigu nikaraguarrek -orduko protagonistek- garai eta leku haietan sortutako irudiak aztertzea. Jaialdiaren 59. edizio honetan Ivan Argüello zuzendari nikaraguarra izango dugu nazioarteko epaimahaiko kide, eta horrek aukera paregabea ematen digu horretarako. Zinea hasiera-hasieratik egon da presente Nikaraguako prozesuan, eta berehala sortu zen Nikaraguako Zine Institutua (INCINE). Hasierako urratsak apalak izan baziren ere, iraultzaren bertuteak zabalduko zituzten albistegiak egiten hasi ziren; eta berehala gainditu zuten zine instrumental hutsaren zedarria. Artista gazteak ziren, komunikatzeko grina zutenak. Gau somozista bizi izan zuten gazte horiek, energiak liberatuta, eta ez ziren propaganda hutsarekin konformatzen. Baliabide gutxi zituzten, gehienak Kubak baliatutakoak, eta zinemagileen prestakuntza babesten zuten. Laster utzi zituzten alde batera albistegiak, eta dokumentalak egiten hasi ziren, baita fikziozko lanak ere. Horietan guztietan agerian geratzen ziren beren sentimendu eta esperientziak helarazten dizkiguten bultzada zinematografikoak. Ivan Argüellok, Somozaren garaiko militante kultural eta iraultzaileak, unibertsitate-antzerkian hasi zuen bere ibilbidea. Orduan heldu ziren abangoardia europarreko zein agitazio-antzerkiari lotutako lanak, sarritan komunitateen beraien eskutik. Argüellok antzerkiaren eraberritzean parte hartu zuen. Horrekin lotuta, nabarmentzekoa da Nikaraguako Antzoki Nazionalean (ordura arte maila sozial altuaren jaietara mugatua) lehendabiziko aldiz aurkeztu zela bakarrizketa bat, Judas. Lanak zalaparta eragin zuen, besteak beste, ordura arte ikusi gabeko zerbait gertatu zelako: Ivanek biluzik egin zuen antzezlanaren zati bat.
148
Iraultza garaian gobernuaren kontsumo sailean lan egin zuen, kontsumo osasungarriari lotutako ohiturak sustatzen zituzten zenbait spot ekoitzita; eta, beranduago, INCINEn hasi zen, errealizadore lanetan. Lehendabiziko dokumentalarekin, Rompiendo el silencio, Urrezko Usoa irabazi zuen Leipzigeko jaialdian. Fitzcarraldoren antzera, Nikaraguako Karibe eta Pazifiko itsaso-bazterrak lotzen dituen telefono-linea baten eraikuntza deskribatzen da. Teotecacinte 83, el fuego viene del norte lanean ere erabiltzen dira Peter Torbiörnsson-en irudiak. Iparraldeko muga-gunean izandako enfrentamendua aurkezten du; uniformeak elkarren artean nahasi egiten dira, tiro egiten duen fusil bakoitza zein alderi dagokion zehazki jakin ezinik. Borrokalarien adierazpenak entzundakoan soilik bereiz ditzakegu aldeak, nahiz eta gaur egun ikusita zentzua galdu duten neurri batean. Propaganda-pieza bat da, gerraren izaera suntsitzailea agerian uzten duena ezinbestean. Días de crisis. Enbargo ekonomikoa kontatzen du, produkzioaren zailtasunak... ; errealismo sozialistako langilearen irudi prototipikoa ageri da, espiritu irudimentsu, inprobisatzaile eta nikaraguarrarekin uztartuta. Sua, metala eta makinak ere badira protagonista. Niños en riesgo. Iraultzaren mugak esploratu zituen Argüellok, hauteskundeen porrota baino urtebete lehenago, kaleko haurren egoera jorratuta. Iraultzaren lehendabiziko urteetan, haurrek kaleak atzean utzi eta eskoletara joan ziren. Baina beranduago, iraultzak mimatutakoak direlako horiek mimatu izateari utzi zioten. INCINE, iraultzaren azken urteetan aurrekontua dagoeneko ukitua zuelarik, desagertu egin zen, 1990eko hauteskundeetako porrotaren ondoren. Orduantxe bukatu zen zine nazional independentea eraikitzeko saiakera. Urte haiek bizi izan genituenontzat, Erdialdeko Amerikako herrialde txiki bat baino askoz ere gehiago da Nikaragua. Filmok ez dira Nikaraguako herriak eta, bereziki, zinemagile multzo batek, egindako ahaleginari egindako omenaldi hutsa. Izan ere, aukera paregabea ematen digute, begirada eguneratu batean oinarrituta, euskal zein espainiar gazteriaren zati handi bati itxaropena itzuli zioten gertakariak berrikusteko. Juan Zubillaga
ZINEBI59