LOS GOLIARDOS ETA ANGEL FACIO
Pabellon 6 espazioak Los Goliardos film luzea aurkeztuko du ZINEBIren 59. edizio honetan. Aida Argüelles eta Maite Ojerren lan interesgarri honetan, beste behin nabarmentzen dira historian zehar zinea eta antzerkia, arte eszeniko gisa, elkartu dituzten lotura intelektual eta artistikoak. Oholtza, friso eta bastidoreen artean diharduten pertsonen selfie antzekoak ere badira. Hori eta sepia koloretan egindako postalen bilduma ere izango litzateke, haren bizi eta historiaren 50 urteak gogora ekarri eta irudikatzen baitituzte. Antzerki moduan egindako dozena bat ekitalditan banatuta dago, horietako bakoitza itxura didaktikoa duten epigrafeek gailenduta. I. ekitaldia, miseria; II. ekitaldia, jatorria; III. ekitaldia, diziplina; IV. ekitaldia, probokazioa... eta ondoren, kultura, askatasuna, pasioa, garaipena edo asebetetzea. Etiketak ironiko eta paradoxikoak dira. Hori guztia Goliardoen erara, ikasleen estilo sinesgogorrean, kleriko erromesen modura eta Erdi Aroako Europa urbanoan zein unibertsitateetan hazitako pikaroen antzera. Los Goliardos antzerki taldeak Madrilen eman zituen lehendabiziko urratsak, 1964. urtean, ganberako antzerki eta entsegu talde gisa; beharrezkoa baitzen erregistratzea. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Politika Fakultateko ikasleak ziren, eta horien erreferente ziren Jesus Fernandez Santos, Jose Luis Garcia Sanchez, Paco Betriu eta Angel Facio. Geroago, antzerki independenteko konpainia eratu zuten 1966. urtean, Angel Facioren zuzendaritzapean, Fernando Arrabalen Ceremonia por un negro asesinado obra sortzeko; 1967. urtean, Beckett 66 lana egin zuten, Slawomir Mrozek poloniarraren obrekin batera. Jose Triana kubatarraren La noche de los asesinos lanean (1968) aurrerapauso handiak egin zituzten; baita, bereziki, Historias de Juan de Buenalma lanean ere, Lope de Ruedaren testuetan oinarrituta (1968). Azken horri esker, furgonetan milaka kilometroko bira egin zuten. 1969an Primer Acto aldizkarian lan berria hedatu zuten: Manifiesto hacia el teatro independiente: 27 notas anárquicas a la caza de un concepto. 1970. urtean Bertolt Brecth-en La boda de los pequeños burgueses estreinatu zuten. Bira handia egin zuten Europan zehar, emigrazio espainiarraren hainbat lokaletan, eta baita nazioarteko jaialdietan ere: Nancy, Paris, Zagreb... 1989 eta 1994 bitartean, Angel Faciok taldea berriro bataiatu zuen, Goliardos Sociedad Limitada izenpean, eta zenbait lan aurkeztu zituzten: Jean Genet-en Ella, Sartreren A puerta cerrada; eta Don Juan Tenorio, Zorrillarena. 50 urte beranduago, isilpean urte luzez egon ondoren, Goliardos Fundazioak mantentzen du oraindik Facioren zuzendaritza eta hasieran bereizgarri zuen espiritua.
160
Filmatutako lanak albiste bilakatu du ibilbide artistiko, politiko eta bizipenezko hura, garai hartako protagonisten egungo elkarrizketa eta lekukotzez baliatuta; Forges eta Alberto Corazon-etik hasita Mario Gas-era bitarte, Alvarez-Novoa eta Pedro Casablanc-etik Santiago Ramos, Ignacio Iglesias eta Nancho Novo-ra... Eta, horiekin batera, bidean erre zirenen sugar eta errautsez hornituta, hala nola, Paco Algora, Felix Rotaeta edo Cosme Cortazar. Filmak pasarte ezberdinak dauzka, hala argazki-euskarrian nola zinegintzan oinarrituta; eta argazki finkoek (film-egilearen esku-hartze plastiko bikainak) animazio eta truko bereziak eskaintzen dituzte. Horietan, kea da baliabide erabiliena eta Felix Rotaeta ahaztezinarena irudirik errepikatuena; jantzirik definituenak ipurdi agerikoak biluzira bitartekoak dira, mamboaren errege errepublikarra Angel Facio bera delarik. Belaunaldi-kronika da, goliardoen nostalgia eta zinismoan oinarritutako autoafirmazioa. Oraingo honetan ez dugu making/of-aren zantzurik ikusten, atze-oihalak ezkutatzen duena ikusten dugu, baita pianogilearen ezker eskua ere, eskuin eskua laguntzen duena... Konpasa. Konpasaren inguruan... hark sinatutako ikuskizunen zuzentze-koaderno argigarriak idatzita ditu Angel Faciok, Galiardoen lanak izan zein ez: La Celestinaren proiektu eta analisiak, Jean Genet-en El Balcón, Valle Inclan-en Romance de Lobos eta Los cuernos de Don Friolera, Angelo Beolcoren Desventuras conyugales de Bartolome Morales, Ruzante. Horiekin guztiekin batera, aipatu beharrekoak dira bere lan pertsonalei zein Los Goliardos taldearen ibilbideari buruzko lan akademiko eta monografikoa ahalbidetu duten artikuluak, hitzaldiak eta aurkezpenak. 1973. urtean, Boda de los pequeños burgueses lanaren estreinaldiaren harira, Angel Faciok poema bat eskaini zion Bertolt Brecht-i. Honela zioen: (...) Nosotros, los cómicos de cuatro cuartos, le tendemos la bota de vino, el farias desportillado, y a codazos pretendemos abrir paso, caminando por un mundo de derechas (...). ¿Nosotros los cómicos de cuatro cuartos?: Los Goliardos taldearen berrogeita hamar urtetako konpromiso eta borroka zibikoaren memoria da Aida Arguelles eta Maite Ojerrek elkarrekin sinatzen duten lekukotza zinematografiko hau; alegia, arlo artistikoan eta sozialean bultzagarri izan den taldearen autoafirmazioa, ukondokolpez Espainiako eszena hobeari bidea zabaldu ziona. Ideia ona izan da Pabellon 6 eta ZINEBI jaialdiarena; aukera eman baitigute, antzerki eta zinearen artean, omenaldi txiki eta oso merezia eskaintzeko. Pedro Barea
ZINEBI59