PRESENTZIA ETA ABSENTZIA CARLOS PÉREZ MERINEROREN MODERNITATEAN Carlos Pérez Merinero (Ecija, 1950; Madril, 2012) bi aldiz sartu zen kultura munduan, arlo ezberdinetan. Lehendabizikoz 73. urtean; Espainiako zinearen kritika eta historian egin zuen lan, bere izen propioaz edo Marta Hernández kolektiboaren izenaz. Bigarrenez 83. Urtean; politika eta kultura arloak dagoeneko baretuta zeudela, sorkuntzaren esparruan agertu zen lehendabizikoz, bereziki nobela beltzaren arloan, Días de guardar eleberriarekin. Ezusteko eskuhartzeak izan ziren biak, zuzenean masailezurrera eginak; eta mundu horietan izandako mehatxu sentimenduak eraginda, erreakzioa berbera izan zen bietan: kanporatzea (Espainiako zinearen kritika eta historiaren kasuan), edo baztertzea (nobela munduaren kasuan). Azken horretan, idaztea debekatu ezin zitzaionez, editorial txiki eta ezezagunetara mugatu zen bere lana, kultu-irakurle gutxi batzuetara. 70eko hamarkadan asaldura eta mobilizazioa izan ziren nagusi, fronte politiko eta ideologiko guztietan; Erreforma/Apurketa urteak izan ziren. Urte luzez isilarazita, adierazpen askatasunerako eskubidea serio hartu zuten batzuek -Pérez Merinerok besteak beste-, eta betebetean baliatu zuten askatasun hori. Pentsamendu eta sorkuntzaren alorrean ere bidea egiten hasi zen modernitate berantiarra, xumexume, dagoeneko Europa osoan erabat hedatuta baitzegoen. Idazteak esku hartzea esan nahi zuen, borroka ideologiko batean parte hartzea... baita borroka politikoan ere. Zapalduta zegoenaren itzulera zekarren horrek guztiak, hala edukiari nola formari zegokionez, baita lengoaiari zegokionez ere; horixe baitzen modernitatearen asmoa (bada formaren politika bat, politikaren forma dagoen bezalaxe). Erreformaren aldekoen garaipenaren ondorioz, desagertu egin ziren lehenago eztabaidak gordetzen zituzten adierazpen-bideak. Adierazpen askatasuna erregulatu egin zen. Hortaz, modernitatearen tropel eskasek, garaitu eta desarmatuta, jaka aldatzeko erabakia hartu zuten, edo beren jarduna bizitza pribatura zein unibertsitate esparrura mugatu. Beste batzuek etxe-ingurura mugatu zuten jarduna. Halaxe egin zuen Carlosek, eta bertan jarraitu zuen Espainiako zine industria eskaserako gidoiak idazten (adibidez: Amantes, La buena estrella edo Las huellas del crimen). Narrazio beltzak ere publikatu zituen argitaletxe txikietan, komunikabide nagusien zalaparta itxaropentsutik urrun; aurretik nagusi zen asaldura bare-bare baitzegoen dagoeneko. Pérez Merinero Trantsizioaren biktima kulturala izan zen, baina ez zuen inoiz etsi. Ezkutuko frankotiratzaile gisa jardun zuen azkenera arte.
170
Oso goiz erakutsi zuen modernitatearen aldeko apustua: diskurtsoaren zatikatzea, birfundatzea, esperimentalismoa, subjektua zalantzan jartzea … Modernitate ezohiko eta paradoxikoa landu zuen; izan ere, keria eta sustrai kontserbatzailea izan ziren modernitate horren abiapuntua. Haren kontakizun beltzak, kiosko-eleberriari egokituak, literatura herrikoiaren parte dira (literatura nazional-popularraren parte, Gramsci-k nahi zuenez). Erabateko talka dakar horrek: alde batetik, literatura herrikoia; bestetik, abangoardiarik erradikalena. Crash. Inoiz ez zuen alferrik galdu modernitaterik erradikalenari laguntza emateko abagunea. Aipaezinaren heriotzaren aurretik, eta nobela beltzari bete-betean ekin baino lehen, Crónica exterior (1976) gidoia landu zuen Manuel Vidal Estevezekin (horrek zuzendu zuen film ertaina). Elkarrekin lan egin zuten berriro 1980. urtean, Estación de Chamartín lanean; Robert de Niro eta Bruno Ganzek protagonizatutako argazki-muntaketa bati helduta, Trantsizioaren biktima baten mendekua kontatu zuten argitasun eta soiltasunez. Hogei urte geroago, 2001 eta 2003 urte bitartean, Frankori buruzko trilogia filmatu zuen: Valor facial, Hoy toca lección de Historia eta Digamos que fue entonces. Lehendabizikoan (ia hiru orduko lana), Ejertzito Nazionaleko soldadu zauritu baten eta haren gerrako amabitxiaren arteko korrespondentzia izugarria kontatu zuen, 1936tik 1975era bitartean, izendunaren heriotzarekin bukatu zen arte. Baina, pantailan, eskutitz haien zigiluak baino ez ditugu ikusten. Espainiako zinean ez dut trilogia ia ikusezin honetakoa baino modernitate eta erradikaltasun handiagorik ezagutzen. 2002. urtean, José Bergamín eta Euskadiren arteko harremanei buruzko dokumentala osatzen saiatu zen Ion Arretxe; ez zuen lortu, ordea. Baina ez zuen amore eman eta, irudien bitartez, eta Juan Diegok errezitatutako Bergamínen poema pare bat eta Carlosen zenbait iruzkinez baliatuta, El esqueleto de Bergamín film laburra egin zuen. Film hori da, zalantzarik gabe, bizitza eta obraren aurrean zuen jarrera argien islatzen duen lana. Lan guztietan -film labur zein luze-luzeetan- agerian geratzen da modernitate erradikalena; modernitate hitzaz edozer ulertzen delarik ere. Harribitxi txikiak, ia klandestinoak, Espainiako zinean hain eskasa den modernitatean. Javier Maqua
ZINEBI59