AGURRA Aurten, Mugarriko 27. alea aurkezteko garaian, berriro ere, harrotasunez zuzentzen naiz zuengana altxor eta istorio ugarirekin esku artean. Aurtengo Mugarriko gaia aurretik aipatutako altxor horietako bat da: Beloaga gaztelua. Urteetan zehar Arkaleko harkaitzak Gurutzeko bizilagunen topaleku eta bertako umeen jostaleku izan dira. Horrez gain, gaur egun, balio historiko handia duen ondarea da. Leku guztiek kontatzen digute zerbait, baina garrantzitsua da horiek balioan jartzea, kontserbatzea eta bertako historia transmititzea. Horixe da 2010. urtetik orain arte, Joxe Mari Iturriotzek, liburuaren egileak, eta Beloagako lagunek egin dutena. Arkaleko harkaitzetan eraikia dagoen gaztelua sasiak eta oteak kenduz berreskuratu zuten. Une horretan agerian geratu zen Erdi Aroko gaztelu bat baino gehiago zela. Historian zehar oso leku garrantzitsua izan da. Hainbat gertakari bizitu ditu, besteak beste, 1200. urteko Nafarroako konkista, karlisten garaia eta 36ko gerra.
10